| |
Ikerketa, garapena eta berrikuntza dira berrikuntzaren eta jakintzaren lurraldea eraikitzeko oinarriak. Gipuzkoako Foru Aldundiak zinez heldu dio oinarri horiek sendotzeko asmoari eta helburu horretara bideratzen diren jarduerak bultzatzeari. Jarduera horiek ez dira eremu jakin bateko kontua, dena den; gizarte osora hedatzekoak baizik. Edozein arlotan da beharrezkoa ikertzea eta aplikazio edo produktu berriak garatzea. Beharrezkoa da, adibidez, teknologiarik berrienak gizarte zerbitzuen arlora, baserri mundura edo herritarrentzako zerbitzura eramatea. Arazoen arrazoiak ikertu, eta soluzio berritzaileak asmatu behar dira; beste tokietan zer ikertzen den jakin, eta gure Lurraldera ekarri behar da. Beraz, beharrezkoa da jakintza sortzea eta eremu guztietara eramatea. Zeregin hori ez da, ordea, unibertsitateen, enpresen edo zentro teknologikoen egitekoa bakarrik; denona da. Hala ulertu du foru aldundi honek, eta horregatik jarri du martxan departamentu guztiak hartzen dituen I+G+B kudeatzeko sistema bat, ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren esparruan egiten duten guztia koordinatu eta agerian jartzeko. Aldundiaren I+G+B kudeatzeko sistemak urtean urteko plana eta, amaieran, emaitzen balantzea egitea aurreikusten du. Gipuzkoako Foru Aldundia jabetu da denek esparru guztietan horretarako ahalegina egin beharraz, eta departamentu bakoitzaren aurrekontuaren ehuneko jakin bat aurreikusi du ikerketa, garapen eta berrikuntzarako, horrela jarduera guztietan berrikuntza beharrezkoa dela erakutsi nahirik. Proiektu horiek garatzeko, askotan, departamentuaren baliabideak ez ezik, unibertsitate eta teknologia munduenak erabiltzera ere jo da, haien esperientziaz eta jakintzaz baliatu nahirik, eta ingurune horretan sinergiak eta ekimenak bilatuz. Orri hauetan aurkitu daitezke I+G+B gaietan onartu diren planak eta departamentu bakoitzean lantzen ari diren proiektuak. Horrela denok ahalegin horren berri izatea eta aurrera eramaten ditugun proiektuen emaitzak denongana zabaltzea nahi dugu. Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari da berrikuntza bere buruaren ezaugarri, eta Gipuzkoa berrikuntzaren eta jakintzaren lurralde izan daitezen. |
|